XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

II ZATIA EUSKARATUTAKO MAILEBUETAN KONTSONANTISMO LATINOA.

A.- AURRETIKOAK Kontsonantismo latinoak berezitasun aproposak jasotzen ditu mailebuen zehar gure sistema fonetikora etortzean.

Normala denez, kontsonantismo horrek kointzidentzia aunitz du inguruko erromantzeekin, maiz, bi hizkuntz sistemetan hitz bat-bera inkorporatzen baita.

Gure fonetikan zerikusi nagusia duen fenomeno zenbait, halanola, N/L ondorengo oklusiba gorren ozendura (hemen/hemenGO, umil/umildu) latinean eta grekoan ere aurkitzen zen.

Euskarak, bestalde, halako arkaismo kontserbatzaile bat isladatzen du latinarekiko bokalearteko oklusiba gorretan eta aurretiko e/i belareen kasuan (ke/ki tipokoak).

Orain azaldutako fenomeno fonetikoak adieragarriak gertatzen dira hitz bat latinetik ala erromanikotik noiz gureganatu zen jakiteko.

Nabarmena da urtxilo G., murkila BN. L., R. ordez (lat. furcillam), ala txitxirio AN., G. zikirio B., G. (lat. cicereum) ordez, horiek inkorporapen berankor baten azalpen dira, aldagai asibilatuak bezala.

Bestalde, sardoaren gisako isolamenduak euskaran ere belare zaharraren (ke/ki) iraupena suposatu zuen MENDEBALEKO ERROMANIAN.

Alde honetatik begiratuta, euskaran gelditu diren latin testigutzak oso baliozkoak dira.

Gainera, euskararen joera fonetikoak mailebuak gure ohituretara egokitu ditu, esate baterako, haserako oklusiben ozenduran: barkatuAN, G., L. lat. parcere, bultzatu B. G. lat. pulsare/pulsatum, gambara B., BN., G., L. lat. cameram; bestainbeste ezpainkarien alternantzietan (P/B/M), ahalik eta gehien F ezpaihorzkari frikaria alboratuaz, perra B., G. (herradura) lat. ferram, patu (Azkue) lat. factum, bago AN., BN., L., R., S. lat. fagum kasutan bezala.

Alderdi guztiok zehazki aztertuak izanen dira fonema kontsonantiko bakoitza euskal sistema fonetikoan bereziaz.

B.- LATIN KONTSONANTEAK Latin kontsonanteak gaurko erromantzeetan garbiro isladatuak daude; bere azalpen foniko sistematikoa, horregatik, alferrikakotzat jotzen dugu.

Kasu, batzutan, ordea, euskaran dezaketen eragin desberdina azaltzea interesgarria daiteke, b soila eta biezpainkari-frikariaren kasuan bezala, gure sistema fonetikoari ez baitagokio.

C eta g fonemek latinean bustidura progresibo bat jasan zuten e/i bokaleen muturrean, h, berriz, mutua mantendu zen gehienetan, eta bost deklinabideen soiltzeak, besteen artean, bukaerako m/n fonemen galketa ekarri zuen area askotan.